:: Geroa Pentsioak EPSV :: Albisteak: GEROAK EUSKAL ENPRESENTZAKO 5 INBERTSIO-LERRO JARRI DITU ABIAN
GEROAK EUSKAL ENPRESENTZAKO 5 INBERTSIO-LERRO JARRI DITU ABIAN
2017 OTS. 15

20M€ inbertituko ditu, eta 40 enpresa inguruk onura aterako dute 


Geroa Pentsioak BGAEk 5 inbertsio-lerro jarri ditu abian enpresa berriei zein finkatuta dauden konpainiei laguntzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan errotuta badaude. Guztira 20M€-ko inbertsioa duten lerro horiek azaroaren hasieran jarri ziren abian, eta modu iraunkorrean mantenduko dira erakundean.

Geroa Pentsioak BGAEren Gobernu Batzordeak irailaren 21ean egindako bileran erabaki zuen Gipuzkoan ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko beste inbertsio-prozesu bati hasiera ematea. Geroa Pentsioak BGAEren bitartez, enpresekin eta langileekin elkarlanean lortutako akordio handi bat da prozesu hori. ADEGIk, sindikatuek eta ELKARGIk aho batez sinatu dute akordioa.

Erakundeari, gizarte-erantzukizuneko bere politiken barruan, egokia iruditu zaio enpresa berrien garapena sustatzea, baita prozesu berritzaileak sustatzea ere. Ildo horretan, lehenik, enpresa horien kapital sozialean inbertituko du. Horretarako, urtean 5 milioi euroko zuzkidura izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu du ELKARGIrekin.

Inbertsioen zenbatekoaren % 90ak ELKARGIren abala izango du, eta Geroa Pentsioak BGAEk arriskuaren % 10 besterik ez du bere gain hartuko. Inbertsioen Europako Funtsak oso positibotzat jo du ekimen hori, erakunde publikoek eta finantza-erakundeek esku hartzen ez duten ekimen pribatua den aldetik; hori dela eta, Inbertsioen Europako Funtsak ELKARGIk bere gain hartutako arriskuaren zatirik handiena berrabalatuko du.

5 inbertsio-lerro berri horiek hainbat bidetatik eska daitezke: unibertsitateen bidez, zentro teknologikoen bidez, garapen-agentzien bitartez, Berri Up bidez edo zuzenean GEROAri eskatuta, besteak beste. Enpresa onuradunak sortu berriak izan daitezke edo jada finkatuta dauden enpresak izan daitezke (inbertsio-lerroaren arabera); edonola ere, berritzaileak izan beharko dute, nola prozesuan hala produktuetan. Urtero 10-15 proiektu hautatzea aurreikusi da.

Deialdia GEROAren jardun estrategikoen barruan sartzen da. Jardun estrategiko horiei esker, batetik, euskal enpresek krisialdi ekonomikoaren ondorioz finantzaketa lortzeko dituzten zailtasunak arindu nahi dira eta, bestetik, enpresetan arrisku-kapitaleko funtsak sartzearen ondorioz, Euskadin gertatzen ari den erabakiguneen deslokalizazio-joera saihestu nahi da.

 

Inbertsio-lerroak

Zehazki, lehen inbertsio-lerroa etenik dauden baina eskubide ekonomikoak dituzten GEROAko bazkideei zuzendutako laguntzez osatuta dago. Guztira 100.000€-ko inbertsioarekin eta proiektu bakoitzeko gehienez 20.000€-ko zenbatekoarekin, finantzaketa eskaini nahi zaie berriki eratu diren enpresei edo autonomo berriei.

3 urtera arteko bizitza duten enpresentzat 2 inbertsio-lerro planteatu da, biak ELKARGIren aholkularitzarekin osatuta. Bi inbertsio-lerro horiek guztira 500.000€-ko zenbatekoa eta 5M€-ko zenbatekoa dute, hurrenez hurren. Lehena proiektu berritzaileen kapitalean parte hartzean datza, eta bigarrenak enpresa-garapenerako.

GEROA gehienez hiru urteko jarduera duten enpresa txiki berriak finka daitezen laguntzen saiatuko da —produktu berriak garatu nahi dituzten, nazioartean hedatu nahi duten edo belaunaldi aldaketako prozesuei aurre egin nahi dieten enpresa txikiak izango dira—.Gehienez proiektu bakoitzeko 400.000€-ko kapitala izango da, eta baterako inbertsioaren formula baliatu ahal izango da ORZA erakundearen bitartez. Izan ere, GEROAk 2005etik aurrera ORZA erakundearen bidez inbertitzen du bere ondarearen % 5a.

Azkenik, jada finkatuta dauden konpainietan balioa sortzen saiatzeko, Euskadin errotuta dauden edonolako enpresei lagunduko zaie, bai kapitala sartuta, bai pabiloi berriak eskuratuta, proiektu bakoitzean gehienez 8M€-ko zenbatekoa jarrita.

Inbertsio-lerro horietako edozein emateko, arrisku-batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek eragiketa bakoitza aztertuko du, eta, horien artean hautatzeko garaian, aurkeztutako proiektuetako bakoitzaren bideragarritasun-plana eta estrategia hartuko du aintzat.

Euskal industria-ehunarentzako laguntza

Fase berri horrek GEROAren zuzeneko inbertsio-prozesua osatuko du —orain arte, bazkide sortzaileei laguntza ematen eta tamaina handieneko inguruko enpresetan kapitala sartzen bideratzen zuen zuzeneko inbertsio-prozesua—.

Horrenbestez, ekimen honetan laguntzen duten organismo guztien helburu nagusia da Gipuzkoan ekintzaile-ekosistema sortzea, eta, horri esker, talentua bertan atxiki eta garatu ahal izatea, eta, aldi berean, erakundearentzat zein, oro har, gizartearentzat errentagarritasuna sortu ahal izatea.